Konpromiso sendoa etorkizuneko donostiarrei hiri hobea uzteko

Hainbat astetako negoziaketen ondoren, “Donostiarrekiko konpromisoa” izeneko ituna egin dugu EAJ-PNVk eta PSE-EEk. Bertan, konpromiso sendoa hartzen dugu etorkizuneko donostiarrei hiri hobea uzteko.

 

Itunak bost konpromiso jasotzen ditu, eta helburua da hiriko proiektu estrategikoak amaitzea eta donostiarren bizi kalitatea hobetzea, auzoak ekintza politikoaren erdigune izango diren politika batetik abiatuta.

 

Gobernu akordioa gaur aurkeztu dugu Udaletxeko Pleno Aretoan, eta bertan, donostiar guztiei adierazi nahi izan diegu pertsonak izango direla gure ekintza politikoaren erdigunean. Eta horretarako kalitatezko enpleguak sortzeko politikak bultzatuko ditugu, gizarte kohesiorako tresna gisa; etxebizitza politika berritzaileen bidez gaztetu den hiri batean bizi eta gozatzea ahalbidetuko duten erabakiak hartuko ditugu; elkarrizketatik eta herritarren konplizitatetik hiri partekatu baten alde lan egingo dugu; eta, azkenik, gure hiriaren etorkizun iraunkorra izateko pausoak adostu ditugu.

Behin akordioa lortuta, legealdirako Gobernu Programa lantzen hasiko gara. Eta programa horretan, besteak beste,  etxebizitza politikak, mugikortasun jasangarria, jarduera ekonomikoaren bultzada, ikerketa zientifikoa, hiriko proiektu estrategikoak burutzea, turismoaren arautzea, gizarte politiken indartzea, hiriko kirol azpiegiturak hobetzea edo udal zerbitzuen eta baliabideen kudeaketa aurreratua sustatzeko konpromiso zehatzak  zehaztuko dira.

 

Akordioak, zalantzarik gabe, udal gobernuari egonkortasuna emango dio eta, horrenbestez, Donostiak aurrera egiten jarraitzea ahalbidetuko duten erabakiak bultzatzen jarraituko dugu.

Azken zortzi urteetan sinatutako koalizio gobernuek desberdinen arteko akordiotik gobernatzeko aukera eman digute, eta horrek hiria eta donostiarren bizi baldintzak hobetzea ekarri du. Gure helburua da, horri eustea, hiritar guztiek, eta bereziki, gazteek euren bizitza proiektua hirian garatu ahal izateko.


Aurretik erronka garrantzitsuak ditugu. Gauza asko ditugu egiteko, eta horretarako funtsezko erabakiak hartu beharko ditugu. Hortaz, behin akodioa sinatuta, Udal gobernua osatzen dugun kideok gogotsu ekingo diogu lanari.

 

Donostiarrok hiri handi bat jaso dugu ondare gisa. Orain, etorkizuneko donostiarren belaunaldiei utziko diegun Donostia eraikitzea da gure konpromisoa. Eta horretarako donostiar guztion elkarlana ezinbestekoa izango da.

Ardura eta ohore handia da nire hiriko alkate izatea

 

Nere lehen hitzak donostiar guztiei luzatu nahi dizkiet, euren konfidatzak egin nau alkate beste lau urtez. Nere konpromisoa donostiarrak dira, eta zinez saiatuko naiz lan gogor eginaz konfidantza hori donostiarrei itzultzen.

 

Garrantzitsuak diren urteak dauzkagu aurrean, erronka handiz beteak. Bizitzeko, elkarbizitzeko, lan egiteko eta gozatzeko europako hiririk onena izatea helburu.

 

Erronka garrantzitsuak ditugu aurretik, aldatzen ari den eta ziurgabetasun-egoera iraunkorrean bizi den mundu honetan. Horregatik, guztion artean gai izan behar dugu Donostia hobeago bat egiteko. Hori da nire konpromisoa, eta ziur nago hemen gauden guztiona ere badela.

 

Demografiaren gainbera, ezberdintasunak areagotzen dituen testuingurua, klima aldaketa, populismoen zabalkuntza… Ez dira gutxi gainditu beharko ditugun oztopoak, eraiki nahi dugun etorkizuneko Donostiaren bidean.

 

Baina gure hiriak ba ditu oinarri sendiak horiei aurre egiteko. Pertsonak, donostiarrak, dira erdigunean egon behar direnak. Bizitza proiektu bat eraikitzeko gaitasuna eskaintzen duen hiria izatea lortu behar dugu guztion artean.

 

Gaur hasten den legealdi hau hiriaren eraldaketaren legealdia izango da. Topoaren edo abiadura handiko tren geltokiaren lanak amaituko dira eta mugikortasunean aurrerapasuo handia egingo dugu, baita hiriaren eraldaketan ere.

Loiolako Kuartelen eremuaren diseinua etorkizuneko Donostia marrazteko pauso garrantzitsua izango da.

 

Etxebizitza ere izango da legealdi berri honen beste erronka handienetako bat, gure gazteek euren bizitza Donostian egin ahal dezaten. Miramongo Parke Teknologikoaren handitzeak, edo Eskusaitzekta jarduerez betetzeak aukera berriak eskainiko dizkie hurrengo belaunaldiei.

 

Donostia hiria ez ezik, komunitatea da, donostiarrek osatzen dugun komunitatea. Errespetu handiko komunitatea, guztion artean zaintzen duguna. Eta Udalak komunitate hori ehuntzen jarraitu behar du, ez zatitzen.

 

Guztiok gara garrantzitsuak etorkizuneko Donostia eraikitzeko. Donostiar adina Donostia daude, eta nire borondatea da donostiar guztien alkate izatea, eta hiriaren interesaren alde lan egitea, entzunez, azalduz, proposatuz eta adostuz.

 

Eta hori, udaletxe hau osatzen dugun talde guztiei ere luzatu nahi diet. Guztion lana delako beharrezkoa, inork ez daukagu egia osoa, eta guztion ikuspegiak dira garrantzitsuak.

Nere nahia eta asmoa izango da ahalik eat adostasunik handienak eta zabalenak lortzea. Hiriarentzako ona delako. Eta, gainera, eztabaidak eztabaida, uste duguna bainagehiago adostu izan dugulako baita iraganean ere. Horren adibide dira Loiolako Kuartelak edo etxebizitza, eta hainbat eta hainhat gai ere.

 

Niretzat alkate izatea, lehenik, ardura handia da. Eta donostiar bezala oso harro sentitzen naiz alkate izateaz.

 

Ardura izateaz gain, donostiar gisa, ohorea da neretzat nere hiriko alkate izatea. Eta horregatik, gaurkoan nire azken hitzak donostiar izatearen harrotasuna irakatsi zidan pertsonari eskeini nahi dizkiot.

 

Ama, gaur ez zaude hemen, baina badakit nerekin zauzkadala.

 

Mezua ulertuta, hurrengo lau urteetan lanean jarraitzeko prest!

Ezin dizuet ukatu, gaur ez da gau ona izan guretzat, baina Donostian irabazi dugu! Eta hori esan beharra dago.

 

Horregatik, gaur lehenik eta behin donostiarrei eskerrak eman nahi dizkiet emandako konfiantzagatik. Ulertzen dut bidalitako mezua, eta horren arabera hurrengo lau urteetan lanean jarraituko dugu. Hiritarren zerbitzura gaude. EAJ-PNV hori da eta hori izaten jarraituko du.

 

Eskerrik asko lan talde guztiari, boluntario guztiei. Dena eman duzue, guzti guztiok. Lan-talde paregabea dut eta hala sentitzen dudalako esaten dut.

 

Eta bereziki eskerrak eman nahi dizkiet nire familiari, seme-alabei eta emazteari. Baita, gurasoei ere, berezirik amari: gaur ez zaude hemen, baina zauden tokian zaudela badakit gaur hemen gurekin zaudela.

 

Aurrera Batera. Jarrai dezagun Donostia elkarrekin etorkizunerantz eramaten.

Igandean denok bozkatzera!

Azken txanpan gaude, hauteskunde kanpaina ixtear. Munduko lan-talde onena dugu, munduko hiririk onenean. Nahiz eta batzuek txuribeltzezko hiria dela sinestarazi nahi diguten, ez da horrela. Donostia hiri ederra da, baikaina, etorkizun oparoa duen hiria.

 

Igandean asko dugu jokoan: aukerak eskaintzen dituen hiri oparoa izaten jarraitzea, edo txuribeltzezko hiria izatera itzultzea. Horregatik, inoiz baino garrantzitsuagoa da bozkatzera joatea.

Hauteskunde kanpaina bizia izan da, eta bertan, ilusio eta gogo handiz, gure egitasmoa aurkeztu diegu donostiarrei eta euren proposamenak eta iradokizunak jaso ditugu.

 

Donostiak aurrera egiten jarraitu behar du. Ilusio handiko etorkizuna duen hiri oparoa izaten jarraitu behar du. Eta hori donostiarren eskutik egingo dugu, Donostia Europako hiririk onena izan dadin; bizitzeko, lan egiteko eta elkarrekin gozatzeko.

 

Horregatik, oso garrantzitsua da igandean bozkatzera joatea. Izan ere, ez bozkatzean ere hautua egiten da, akaso nahi ez den hautua. Eta ondoren ez du balio damutzeak, baldin eta gustuko ez dena atera bada.

Hiriak aurrera egiten jarraitzea nahi baduzu, etorkizun oparoa izango duen hiria nahi baduzu, bozkatzera joan eta EAJ-PNVren hautua egin ezazu. Izan ere, EAJ-PNV da hiri eta lurralde honen motorea.

 

Beraz, datorren igandean, astindu nekeak, perezak, irten kalera eta bozkatzera.

 

Gora Donostia!

Donostiarekin kontratua

 

“Donostiarekin kontratua” sinatu dut gaur goizean Iñigo Urkullu Lehendakariaren, hautagaitzako kideen eta kanpainako boluntarioen aurrean, eta bertan, bost konpromiso hartu ditut, hain zuzen ere, donostiarren eta auzoen bizi kalitatea hobetzeko sustatuko dituen bost konpromiso.

 

Horrenbestez, hurrengo lau urteetarako bere aginteko udal gobernuaren eginkizunaren ardatzak ezarri ditugu, hain zuzen ere, pertsonak erdigunean jarriko dituen kudeaketa, etxebizitza eta nortasuna, aniztasuna eta parte hartzea, eta aurrerapenaren kudeaketa eta jasotako legatuaren babesa.

 

Aurretik ilusio handiko lau urte ditugu, eta epe horretan hiriaren etorkizuna erabakiko da. Horregatik, igandean bi aukeren artean aukeratu behar da: alde batetik, hiri oparo, tolerante, abegitsu bat lortzeko aurrerapausoak ematen jarraitzea; edo bestetik, 2011ra atzera itzultzea, hau da, paralisira, endogamiara eta inposiziora. Hori da guztiok sinatu behar dugun kontratua.

Azken legealdian, bi urteko osasun-larrialdiaren ondoren, gai izan gara sortutako zailtasun eta ustekabeei aurre egiteko. Orain ekonomia-krisiaren eta ezegonkortasun geopolitikoaren ondorioei modu errealistan eta elkartasunez aurre egiten ari gatzaizkio. Eta zailtasunak zailtasun, Donostiak egunero aurrerapausoak ematen ditu, eta horregatik donostiarrekin kontratuaren berritzea aurkeztu dugu, hain zuzen ere, benetako konpromisoa, populismorik eta bete ezin diren promesik gabeko kontratua.

 

Hauek dira hartu ditugun bots konpromisoak:

1- Donostiarra eta gure auzoak zaintzea.

2- Kalitatezko enplegua sortzea.

3- Nortasun propioa duen hiri batean bizi eta gozatu ahal izatea.

4- Elkarrizketan oinarrituta lan egitea

5- Gure hiriaren aurrerabidea bermatzea eta jasotako ondarea defendatzea.

 

Aurretik hiriaren etorkizuna erabakitzeko ilusio handiko lau urte ditugu. Asko dago egiteko. Hainbat gai zuzendu behar ditugu, eta hainbat neurri eguneratu beharko dira. Eta horretarako zuen konfiantza eskatzen dizuet, elkarrekin Donostiak aurrera egiten jarraitzeko.

Zure botoak indar handia du aurrera egiten jarraitzeko

Kanpaina aurrera doa. Egun gutxi falta dira gure Hiriak erabaki dezan. Eta erabakia garrantzitsua da. Oso garrantzitsua.

 

8 urte eman ditugu gogor lanean gure Hiriak aurrera egin dezan. Gaur Donostia, etorkizunari beldurrik gabe begiratzen dion Hiria da. Oinarri sendoak dituena, eta horiek, guztion artean egin ditugu posible.

 

Dena gaizki dagoela ikustarazi nahi dutenen aurrean ozen eta argi esan beharra daukagu: harro egoteko moduko hiria dugu, eta horrela izaten jarraitu nahi dugu.

Datuek gezurtatzen dute ezkortasunean, kritikan eta populismoan murgilduta daudenek sinistarazi nahi digutena. Guk aurrera egiten jarraitzeko hautua egiten dugu. Eta horretarako ezinbestekoa da aitortzea ondo egindakoa, baita gaizki egindakoa ere. Izan ere, apaltasunez egindako aitortza hori aurrera egiteko eta hobetzeko lehen pausoa da.

 

Baina gaur utziko didazue aurrean daukaguna erretratatzen, donostiarrok argi izan behar dugulako zer dugun jokoan. Aurrean EH Bildu dugu, hain zuzen ere, proiektu guztien aurka dagoen EH Bildu. Horrek erakusten du Donostia oso gutxi maite dutela, eta ez dutela hiriak aurrera egitea nahi. Guztiari ez esaten diote. Ez, ez, ez, ez eta ez.

 

Bere goiburuak dio “Donostia berreskuratu” nahi dutela. Ez zaituztela engainatu. Ez dute “Donostia berreskuratu” nahi. Bakarrik beraientzako berreskuratu nahi dute. Beraien Donostia, ez guztiona.

Horregatik hauteskunde hauetan Bilduk aliatu bat du, abstentzioa. Hau da, Bilduk eta Abstentzioak koalizioan aurkezten dira hauteskundeetara. Eta zergatik egiten dute? Badakitelako zure botoak erabakitzeko gaitasuna duela. Horregatik, Bilduk ez du nahi zu bozkatzera joaterik. Etxean gelditzea nahi du. Bozka ematea erabakitzea da, baina ez ematea ere bada erabakitzea.

 

Beraz, gaurkoan dei bat egin nahi dizut,  zure botoak duen indarra baliatzea Donostiak aurrera egin dezan. Eta horretarako konfiantza eskatzen dizut. Proiektua dugu, ilusioa eta gogo handiak ere. Eta zurekin, elkarlanean, Donostia aurrera egiten jarraitu nahi dugu.

 

Batera Batera! Aurrera Batera!