Garraio publiko eta iraunkorrari bultzada emango diogu

Iñigo Urkullu lehendakariarekin igaro dugu arratsaldea Eider eta biok Easoko tren geltokian eta inguruan, Donostian eta Gipuzkoan egiten dugun garraio jasangarriaren aldeko apustua berresten. Eta apustu hori benetakoa izateko trena da indartu beharreko garraioa. Izan ere, hiritik trafikoa gutxitzeko alternatibarik onena da. Horregatik, Lehendakariaren laguntzaz gaurkoan Topoaren eta Abiadura Handiko Trenaren aldeko apustua berretsi dugu.

Argi dugu, Topoaren igarobidea, Abiadura Handiaren iritsiera, autobus elektriko eta garbien hedatzea eta bizikleta publikoaren sistema indartzea dira gaur egun eraikitzen ari garen hiri konektatuaren zutabeak. Eskema berri horrek donostiarron eta bisitatzen gaituztenen mugitzeko modua aldatuko du eta hirigunean espazio zabalak eraldatzea ahalbidetuko du, oinezkoentzako eremuak irabazi ahal izateko.

Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Aldundiaren eskutik hiria egiten ari den apustuetan trenbide bidezko hiri garraioa indartu behar da, Topoaren igarobidearen obrarekin. Horri esker, Irun eta Zumaia lotuko dira, tartean Donostiaik igarota. Azpiegitura horrekin batera, Loiolako Erriberako aldageltokiak Topoa eta Renferen Irun-Brinkola zerbitzuaren prestazioak biderkatuko ditu, bi zerbitzuak elkarrekin konektatuz eta bi lineak moldakorragoak eginez. Azkenik, Abiadura Handiko Trena hirira iristeak triangelu hori itxi egingo du eta tren bidezko garraioa funtsezko pieza bihurtuko da Donostiarako eta Donostiatik egindako mugikortasunerako.

Helburu horretan aurrera egiteko, mugikortasuna berrantolatzea ezinbestekoa da. Oinezkoek izan behar dute hiriaren protagonistak, garraio publiko jasangarriago eta garbiago batekin. Horri esker, hiritarrei euren eguneroko bizitzarako eta gozamenerako espazio osasungarri eta seguruak itzultzeko aukera izango dugu.

Era berean, Topoa zabaltzeak donostiarrentzako lur gaineko espazioak berreskuratzea ahalbidetuko du, modu berezian Easoko trenbidean sortuko diren 21.000m2. Bertan, Arabako parkea zabaltzeko lan egingo dugu, hiriaren erdiguneko biriketako bat zabalduz, eta etxebizitzaren garapena eta Kontserbatorio berriaren kokapen posiblea bultzatuko ditugu.

Anoeta eta Errondo pasealekuaren artean Topoaren trenbidearen lurperatzea lortzeko konpromisoa hartuko dugu; baita Anoetatik Loiolako Erriberako aldagailuaren artean trenbidearen soinu-inpaktua minimizatuko duten hesi akustikoak ezartzeko ere. Horrela, Amarak espazio atseginagoak izango ditu.

Tren bakoitzak 400 pertsona eraman ditzake, hau da, 5 autobus edo 100 auto pribatu adina, horrek kutsaduran duen eragin guztiarekin. Gainera, gainazal azpiko garraioa izateak fidagarritasun handiagoa ematen dio, ez baitago baldintzatuta hiriko bizitzaren funtsezko uneetan bestelako jarduerek sor ditzaketen trabetara.

Hori guztia, Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Aldundiaren eskutik lortuko dugu. Elkarlanean etorkizuneko mugikortasunari,  hain zuzen ere, garraio publiko eta iraunkorrari bultzada berri bat emango diogu.

“¡Pues aprenda usted euskera!”

aitona
aitona, amona, arreba eta ni

Nire aitona Salamancako herri txiki batean jaio zen XX. mendearen hasieran. 14 urte zituela etorri zen bere guraso eta anai-arrebekin Donostiara.  Nire aitona, amonarekin batera,  gurekin bizi zen, ni jaio nintzen Madrid Hiribideko  etxe berean. Ni jaio baino lehentxeago hartu zuen erretiroa  gaur egungo Benta Berri auzoan zegoen “El León” garagardo fabrikan.  Nire gurasoek  etxetik kanpo  egiten zuten lan eta orain etxe askotan gertatzen den antzera, orduan  ere umeak zaintzeko norbaiten laguntza bilatzea behar beharrezkoa izaten zen.  Hasieran, euskara zekien aitaren lehengusina etortzen omen zen ni zaintzera, baina etxeko aitonak, egun osoa libre zeukala ikusita, bere alabari ni zaintzeko eskaintza egin zion.

Aitonak, gure etxean haurrak euskaraz hazteko hartua zuten konpromisoarekin bat eginaz, erretiroa hartu ondoren euskara ikasten hastea erabaki zuen. Ez da ez erraza izango 65 urterekin hizkuntza bat ikasten hastea! Baina horrela egin zuen. Etxean gordeta dauzkat oraindik berak eskuz idatzitako ariketa koadernoak eta erabilitako testu  liburuak. Altxorrik preziatuena balira bezala dauzkat gordeta gainera. Asko kostatu zitzaion zekizkien  esaldi eta hitzak ikastea, baina helburua lortu zuen: Ez zedila bere errua izan Enekok eta Arantzak euskaraz ez egitea.

Gurasoek, arreba eta biok amarako Ikas-Bide Ikastolara bidaltzea erabaki zuten hasiera hasieratik. Isabel II kalean zegoen  Ikastolako irteerara egunero-egunero aitona etortzen zitzaidan bila.  Eguraldia lagun, Eustasio Amilibia kalearen parean dagoen parkera eramaten ninduen askotan. Orain hilabete gutxi Udaletxean Aitzol Parkea deitzea erabaki dugun hori. Parke hartan  ba ziren “tilin-talan” gutxi  batzuek, beti umez gainezka egoten zirenak. Inoiz ez zen bat bera ere libre egoten eta askotan, arratsalde osoa txanda noiz tokatuko zain ematen genuen.  Halako batean,  ume horien zaintzaileek, egoten ziren ilara luzeak arintzeko akordioa hitzartu zuten: Ume bakoitzak 20 bultzada jaso eta hurrengoari pasatzen uztea erabaki zuten.

Ilaran txintxo-txintxo zain  egon ondoren, aitonari eta bioi tokatu zitzaigun txanda. Zabuan igo eta ozenki euskaraz zenbatzen hasi zen nire aitona: Bat, bi, hiru… Halako batean, ilaran zain zegoen emakume batek haserre esan zion: “¡Oiga!, ¿Por qué no cuenta usted en castellano para que todos sepamos cuánto va?”. Eta aitonaren erantzuna: ¡Pues aprenda usted euskera! Horrelakoxea zen nire aitona. Munduan egon zitekeen pertsonarik onena eta atseginena, baina sinesten zuenari eutsi behar zitzaionean ondo eusten zekiena.

Euskararen nazioarteko eguna ospatzen dugun honetan bera etorri zait gogora. Eta aitona Delfin bezala, beste nonbaitetik gurera etorri eta gure hizkuntza maitatzen ikasi duten guztiak. Bera bezala, asko eta asko izan dira esfortzu itzela egin dutenak, batzuetan ikasten, eta beste batzuetan euren oinordekoak euskaldun izan daitezen laguntzen. Orain ia 40 urte Aitzol Parkean jolasean zebilen ume hark euskara izan du ama hizkuntza,  nire seme-alabek orain duten bezala.  Zalantzarik gabe, hori jende askoren esfortzuari esker izan da, baina gaur espresuki  Salamancako nire aitona omendu nahi dut, berari ere zor diodalako euskaldun izatea. Bihotz bihotzez eskerrikasko aitona.