Larriki gaixo eta askatasunaz gabetuta daudenei giza eskubideak aplikatzearen alde

Spread the love

Eneko Goia, Joseba Asiron, Gorka Urtaran, Julen Mendoza

Donostiako alkatea, Iruñeko alkatea, Gasteizko alkatea, Errenteriako alkatea


Idatzi hau sinatzen dugunok uste sendo bat partekatzen dugu: pertsona ororen giza eskubide guztiak defendatu behar dira. Guztiok ditugu eskubide horiek, bai eta askatasunaz gabetuta daudenek ere.

Gainera, ideologia desberdinekoak garen lau alkateoi ere gure herrietan larriki gaixo dauden edo 70 urte baino gehiago duten presoak izateak batzen gaitu. Hau izanda egoera, eta beren eskubideak errespetatzen ez direnez, dagokigun erantzukizunagatik eta arrazoi humanitarioengatik besterik ez bada ere, gure jarrera adierazi nahi dugu eta eskatu pertsona horiek kartzelatik ateratzeko, bai eta egoera berean dauden gainerako guztiak ere.

Lau arrazoik bultzatzen gaituzte jarrera honetara: lehenengo, pertsonen duintasuna errespetatzea, bai eta askatasunaz gabetuta daudenena ere. Guk nahi dugun gizartean botere publikoek pertsona ororen giza duintasuna errespetatzen dela zaintzen dute, iruditzen zaigulako giza duintasunaren printzipio gorena urratzen duen gizarteak ez duela gizakia bera errespetatzen eta gabezia demokratikoa ikaragarriak dituela. Pertsonaren duintasunaren aurkakoa da gaixotasun larria eta sendaezina duen pertsona bat kartzelan mantentzea tratamendua jasotzeko egokiak ez diren baldintzetan.

Bigarren arrazoia, zigor jasangaitzen aurka adierazten dugun jarrera da, ez zigorra ezartzerakoan soilik, baizik eta baita zigorraren garapenean ere. Gaixotasun larria eta sendaezina duen pertsona bat askatasunez gabetuta edukitzeak suposatzen du giza duintasunaren printzipioa urratzea, eta kasu askotan zigor bikoitza da, askatasunez gabetutako pertsona horren sufrimendua eta, ondorioz, zigorra bera ere, espetxeratutako beste edozein pertsonarena baino askoz ere handiagoa baita.

Hirugarren, egoera hauetan legezkotasuna zorrotz aplikatu behar litzateke eta ez dira hala egiten ari, arlo juridikotik haratago doazen hainbat arrazoirengatik.

Azkenik, gure ustez gaixotasun larria eta sendaezina duen preso bati espetxetik ateratzeko aukera ukatzeak zigorraren birgizarteratzeko printzipioa urratzen du. Estatuko Fiskaltza Nagusiaren 1991ko urteko memoriak adierazten zuen gaixotasun larri eta sendaezina duten presoen kasuan askatasunez gabetzeko zigorrek ez dutela betetzen helburu nagusia, alegia, zigortutakoa birgizarteratzea. Zigortzeko helburua besterik ez du ia agonian dagoen norbait kartzelan mantentzeak, ez du zentzurik birgizarteratzera bideratzea agonizatzeko eta hiltzeko besterik kartzelatik irtengo ez den norbait.

Hartara, bergizarteratze-printzipio honek are garrantzi handiagoa du euskal gizartean bakea eta bizikidetza eraikitzeko saiakera honetan. Inolako zalantzarik gabe, eta ikuspegi politikotik, bakea egonkortzen laguntzen duelako eta premiarik gabeko sufrimendua saihesten duelako, horrek ez baitu gizarte berrirako bidea zaildu besterik egiten. Alabaina, ikuspegi juridikotik ere garrantzitsua da, jada ez baitago arrazoirik Estatuko Administrazioaren ustez herritarren segurtasunerako arriskutsua izan daitezkeenik, eta eskubidea ezin delako errealitate sozial berri horretatik bereizi, eta horren arabera interpretatu behar delako. Hartara, ez dago eragozpen politiko edo legalik kartzelatik ateratzeko gaixotasun larriak eta sendaezinak edo 70 urte baino gehiago dituzten presoak.

Azkenik, adierazi nahi dugu konpromiso irmoa dugula pertsona ororen giza eskubide guztiak defendatzeko eta eraikitzeko gizarteak ikusi nahi duen egoera demokratikoa, bakea eta bizikidetza oinarri dituena.