• Miguel Angel Blanco. 17 urte.

    Egunotan 17 urte betetzen dira ETAk Miguel Angel Blanco erail zuenetik. Egun gogorrak izan ziren horiek, nire bizitza osoan ahaztuko ez ditudanak. Urtero egiten nuen bezala, Errioxako San Asension nintzen, Gipuzkoako leku ezberdinetako gaztetxoak parte hartzen zuten udaleku batean laguntzaile gisa.

    Egia da, garai hartan zoritxarrez ohituta geundela ETAk egiten zituen astakeriak sufritzen. Lehergailuak, bahiketak, erailketak… Baina kasu hau bereziki krudela zen. Bereziki krudela, ETAk adierazten zuen hoztasuna izugarria zelako (48 ordutan Espainiako gobernuak presoak euskal herriratzen ez bazituen, hil egingo zuen). Baten batek “asesinato a cámara lenta” deitu zuen gertatutakoa.

    Larritasuneko 48 ordu izan ziren. Gure lehen erreakzioa San Asensioko plazara joatea izan zen, bertakoekin eta bisitariekin batera kontzentrazioan parte hartzera. Guztiak atsekabetuta geunden. Guzti guztiok batzen gintuen atsekabeak. Gu bezala, zeuden lekuan kontzentratzen ziren milaka eta milaka pertsonei bezala.

    ETAri bost axola izan zitzaizkion pertsona baten bizia eta gizartearen atsekabea. Susmatzen genuen hala izango zela. Ikaragarria izan zen. Negar egin genuen. Uste dut milaka izan ginela negar egin genuenak. Gero etorri ziren amorrua eta haserrea. Telefonoz kontatzen zizkiguten Euskadin gertatzen zirenak. Ulergarriak izan zitezkeen gauzak, baina justifikaziorik eta aitzakiarik merezi ez zutenak. Ertzaintzak Herriko Tabernak babestu behar izan zituen.

    Guzti guztia zen gogorra. Baina niretzat gogorrena isiltasuna izan zen. 48 ordu horietako atsekabe unea bizi eta euren barruan gizaki egiten gaituena aurkitu ez zutenen isiltasuna. Beste edozeren gainetik estrategia politikoa kokatzearen adierazgarririk gordinena izan zen hura. Eta nola bizi gaitezke honelakoen aurrean isilik egoteko kapaz direnekin? Bizi gera. Ez dago beste aukerarik. Baina orain dela 17 urte gertatutakoa ahaztu gabe. Inoiz baino garbiago jakinda ez dagoela ezer pertsonaren eta bere duintasunaren gainetik. Baina jakinda ere gure artean ba dela honela pentsatzen ez zuenik eta ez duenik. Horietaz ez naiz fio, ez orduan eta ezta orain ere.

    Iruzkina utzi →

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies