Ekonomia da gaia!

Arantza-tapia-eneko-goia-eaj-pnv-economia-ekonomia-donostia-san-sebastian1-710x484

Andoni Aldekoari entzun nion esaldi hau Donostiako estrategia bulegoak eta Bilbao metropoli 30 erakundeak irailaren hasieran Miramarren antolatutako ikastaroan. Ikastaroaren izenburua “gobernantza berria hiritar berrientzat” zen, eta Bilboko alkatearen Gabineteko Zuzendari Delegatua den Andonik bere hiriari buruzko ikuspegi estrategikoa azaltzerakoan erabili zuen.

Esaldia entzun nionetik buelta dezente eman dizkiot gaiari. Beste modu batera esan daiteke ere, urrian Hiriaren egoerari buruzko osoko bilkuran egindako galderaren bitartez adibidez : Zertaz biziko da Donostia etorkizunean? Zalantzarik gabe, hau da gaur  erantzuna eskatzen duen galdera nagusia. Horretan saiatu gara bi aste hauetan IDEIAgunean. Horretaz hitz egin dugu eta pentsatu dugu. Pertsona askorekin egin dugu gainera.  Gure hirian euren proiektuak egi bihurtzen saiatzen diren pertsonekin.

Esperientzia asko ikusi ditugu, proiektuak aztertu, ekimenak ezagutu, kexak entzun… Bereziki  ikasgai  bat ikasi dugu: Pertsona horiek, donostiar horiek dira hiriarentzat bilatzen ditugun erantzunen motor nagusia. Ondo funtzionatzen duten motoreak. Askotan Udaletxearen ekimena gainditu behar izaten dutelarik.

Zer dela eta ez dugu guztiok norabide berean bultza egiten? Hori izan da gure topaketetan behin eta berriro sortu den galdera. Ba ez dagoelako ikuspegi estrategikorik, deritzot. Nola demontre bultzatuko dugu norabide berean, norabidea zein den ez badakigu! Hori da transizioko legealdi xelebre duen ezaugarri nagusienetako bat, eta ondorioz Hiriak sufritzen duena. Ez dago eztabaida estrategikoari ekiteko modurik! Eta okerrena dena, inor gutxik gogoratzen duen Plan estrategikoa daukagu. Badirudi zenbaitzuk nahiago dutela inprobisazioa.

Euren ekimenez Hiria bultzatzen dutenek ordea oso garbi daukate norabidea. Zergatik ote da hain zaila bultzatzen laguntzea? Hori izan da gure topaketa guztietan mahai gaineratu den bigarren gaia, Udalak izan beharreko jarrerarena alegia. Udalak ez luke  sortzen dena ordezkatu edo bere gain hartu beharko ( norbaitek bere ekimenez sortzen duena kopiatzeaz edo egiteaz ari gara), ez luke errezeloz jokatu beharko, ez lituzke gauzak oztopatu edo zaildu beharko. Hori da ekimena dutenek gehiegitan Udaletxean ikusten dutena. Tramite burokratiko konplikatuak, itxarote denbora amaitu ezinak, ekimenak bereganatzeko joerak… Aditz berriak erabiltzeari ekin behar diogu:  Elkar lagundu, erraztu, konpondu edo bideratu. Seguruenik diru laguntzak ematea baina zailagoa da guzti hori, baina norbaiti harrigarria iruditzen baldin bazaio ere,  dirulaguntzak gehitzea da  egon garen pertsonek eskatu ez digutena. Hain zuzen ere, ekonomia delako gaia.